domingo, 19 de enero de 2014

PEÑA REDONDA, PISUERGA-CARRION UREN BANALERROTIK.




Alto de la Varga begiratokitik (1430 m) ibiltzen hasi ginen, Cervera de Pisuerga-Velilla del Río Carrión errepidean kokatuta dago. Peña Redonda begi-bistan genuelarik, "Senda GR1 Sendero histórico" izena jasotzen duen pista balizatua hartu genuen (H). Muino bat gurutzatu eta gero, bidegurutz batean GR1 ezkerretatik jaisten da Rebanal de las Llantas-era. Zuzen jarraitu genuen, Pistak altitudea irabazi eta pinudia inguratutzen du. Valdeprovin-arako bidean gaude, isurialdeen banalerrotik doana; Curavacas-puska atzean daukagu eta Espiguete mendebalderantz. Peña Redondako lerroa berriro agertu zenean, Peña Capote edo Mirandaren azpitik pistak inguraketa motza egin zuen. Mendilerroaren mendebaldeko sahietsetik jarraituz, Cueva Teresa errekaren iturrira atera ginen. Belardietara zihoan sahiesbidea alde batera utziz, pistan segitu genuen harik eta Los Llanillos lepora ailegatu arte (1735 m, 1h), bertan gentozen pista beste batekin elkartu zen.
Orduan Alto de los Llanos (1768 m) igo genuen. Mendilerrotik jarraituz Alto de los Valles-en tontorretik pasatu ginen, bertan La Peña mendilerroa elkartzen da Brezo mendilerroarekin. Ezkerretara jo genuen (HE), mendilerroari jarraituz. Harrizko kota bat (1824 m) eskuineko hegaletik gainditu genuelarik, beste mendilepo batetik (1809 m) Rabanal mendiaren gailerrera ailegatu ginen (1824 m) (1.30 h). Tontor honetatik mendilerroaren zatirik malkartsuena ikus daiteke, Peña Redonda mendirik altuena izaten delarik. Ekialdeko gandorratik jaitsi ginen, kareazko esproi bat (1801 m) eskuinera utzita, zehaztugabeko bidezidor batek gandorraren eskuineko hegaletik eraman gintuen lepo batera (1706 m). Beste kota hutsala (1719 m) inguratuz, El Collado sakonune zabalean kokatu ginen.
Nahiz eta Rebanal de las Llanas, Villanueva de la Peña eta Velilla de Tarilonte lotzen dituen bidea jarrai daiteken, gailurren lerroan iraun genuen. Hegoalderantz zuzendu ginen kordaletik. Kareazko esproitik igo genuen eta segidan gandor aldapatsua, eskuak erabiliz, gainditu behar izan genuen Peña Urtejas-ko ertz zorrotzera ailegatzeko (1771 m). Gandorraren hurrengo zatia oso tente dago eta soka behar da gainditzeko. Sahiesteko eskerratik joan ginen (E), harrizko eta belarezko maldatik aurrera eginez, harrizko kontrahorma bat pasatu arte. Orduan belarrezko aldapa bat gaindituz elkarrengatik urbil dauden bi tontorren artean gandorrera itzuli ginen. Eskuineko gailurrera igo ondoren (1852 m), belarrezko kanal batetik Ramaderos tontorrera ailegatu ginen (1874 m) (2.30h). belarrezko aldapa batetik jaitsi ginen hurrengo mendilepora (1838 m). Bertatik Peña Redondara gora egin genuen (1995 m) (2.45 h). Tontorrean, erpin geodesikoz gainera, otoiztegia eta sekulako gurutz bat, urrutitik ikusten dena, daude. Tontor honek mendilerroaren ardatza bereizten du eta Palentziako mendialde osoa menpean izaten du.
Itzuli ginen menlepora eta Ramaderos-ko ekialdeko maldatik jarraitu genuen. Erlaitz malkartsu bat erabiliz, segitu (I), harrizko lurratik, Peña Urtejas aurretiko horzkada heldu arte. Peña Urtejas-ko alboetatik, berdin da batetik edo bestetik, El Collado-ra ailegau ginen berriro. Abereek erabiltzen dituzte bidezidorrak jarraituz, Gailurren lerroaren eskuinetatik Collado de los Llanillos doan pista aurkitu genuen berriro (1735 m) (4.00 h.).
Abiapuntura ailegatzeko biderik laburrena pistatik itzultzea izango zen arren, ibilbidea hasterakoan alboan utzi genuen mendilerroaren zatia osatzea erabaki genuen. Pista gurutzatu genuen eta esproi bat (1772 m) eskuinetik sahiesten duen bidezidor batetik igotzen jarraitu genuen. Belarrezko lautadatxo bat zeharkatuz, Alto de las Grajeras-ko tontorrera (1813 m) heltzea lortu genuen. Arralkadurez betetako lapiaztik jaitziz, bigarren mailako Kota (1777 m) inguratu genuen ezkerretik. Beste alboko sakonunetik (1737 m) berehala Peña Miranda edo Copete-ren harriazko plataformara iritsi ginen (1745 m) (4.30 h).
Tontorraren makurguneak ekiditeko ezkerretik jaitsi ginen eta beste lepo batean (1663 m) pista aukitu genuen berriro. Pixka bat gehiago jarraitzeko gogogak geneuzkanez hurrengo kotara (1677 m) joan ginen, gero, piornoen artean, (EIE) pistara jaitsi ginen zati txiki batean segitu genuelarik. Zuhaixkaz betetako muino batetik aurrera egin genuen eta maila gutxiko sokonune bat (1574 m) gainditu eta gero Alto del Monte harrizko mendixkara ailegatu ginen (1592 m). Huerrengo mendilepoan (1549 m) pinudi batean sartu ginen, asken kota (1566 m) zeharkatu genuen eta pistara berriro, pinuen artean, jaitsi ginen. Carrión-Pisuerga uren-banalerroaren ibilbidea hasi genuen lekuan, Alto de la Vargan, amaitu genuen (1430 m) (5.15 h).



Luis

No hay comentarios:

Publicar un comentario