miércoles, 18 de junio de 2014

PEÑA PRIETA CARDAÑO DE ARRIBA-TIK




Ibilbide gogorra, 1475 metroko desnibela igotzen da eta 21 kilometroko distantzia ibiltzen da. Nahiz eta meteorologiak esan asteburuan eguraldi ona egingo zuela, larunbatearen goizean zirimiri egin zuen eta eguerdiraino ostarteak ez ziren agertu. Haizeak gogor jo zuen eta hotz- sentzazioa handitu zuen. Halaere, goi-mendiko egun zoragarria pasatu ginen.


Cardeño de Arriba-ko aparkamentutik (1420 m) pista hartu genuen (I). Pistak Las Lomas errekarekiko paralelo aurrera egiten du, eskuineko ertzetik. Valcabe erreka (Valcabe zirkutik, Pico Murciaren azpian, etortzen dena) eta Las Lomas erreka (Las Lomas urmaeletik etortzen dena) batzen diren lekutik pasatu ginen. Las Lomas errekak ur behera errekari izena ematen dio emari gehiago edukitzen duelako. Tarte honetan errekek ur-jauzi txiki batzuk egiten dituzte baina udaberrian ur asko daramatenez paisaiari indarra ematen diote. Hasi ginenetik kilometro batera, gutxi gora behera, Valcabe errekaren gaineko zubira heldu gara, zeharkatu genuen eta norabideaz aldatu ginen, lehenik E eta gutxira IE, Las Lomas errekaren bidea jarraitzeko.


Bidea ondo markaturik dago. Seinal-tantaiek eta egurrezko hesolek “La senda de Las Lomas” bidea adierazten dute. Gure aurrean zeuden maldetatik ur jauzi batek atenzioa eman zigun, Ves-eko ur jauzia. Segidan pistak bihurgune zabala egiten du, IM-rantz zuzenduz, bigarren zubira heldu arte (1640 m), aldi honetan Las Lomas errekaren gainean. Zeharkatu ere eta Hormaz delako lekuan igotzen hasi ginen (I). Landen, txilardien eta ote zurien artean aurrera egin genuen. 2060 metroko kotara heldu ginen, Agujas de Cardaño-tik gertu, orduan iparmendebalderantz biratu ginen Las Lomas urmaelera, metro gutxitan, ailegatzeko. Las Lomas urmaela jatorriz glaziarra da, inguratzen duen zirkoa bezala. Urmaelaren aurrean dauden mendiek, Agujas de Cardaño, El Pico Las Lomas y El Pico Cuartas, oraindik elurtegi zabalak zeuzkaten.


Atzera egin genuen urmaelaren kubetatik ateratzeko. Hemendik aurrera egurrezko seinaleak desagertzen dira, orduan bilatu behar genituen bidezidorrak eta harri pilak. Alto del Concejo-ra (2442 m) igotzen den harritza pikora zuzendu ginen (IEI). Bidezidorrak ahalegina leuntzen duen sigi saga marrazten du. Lehenik El Alto del Cornejo-ren eta El Alto de la Pandaren arteko mendi lepora heldu ginen nondik Peña Prieta eta Fuentes Carrionas-eko urmael izoztua ikusi ahal genituen.


Hemendik aurrera gailur lerroa besterik ez genuen jarraitu behar izan, arazorik gabe. Lehenik (I) El Alto del Concejo igo genuen, Campo de Gibraltar delako hurrengo lepora jaitsi ginen eta hemendik, gandorratik, Mojon de Tres Provincias-era (2498 m). Kordaletik atera gabe norabideaz aldatu ginen ekialderantz eta Monte Infierno-ren albotik igaroz, Peña Prieta igo genuen (2539 m). Gandorratik atzera egin genuen Monte Infierno edo hegoaldeko Peña Prieta-ren (2538 m) buzoira ailegatzeko, Palencia-ko gailurrik altuena. Peña Prieta Cantabria-ren eta Palencia-ren arteko mugan kokatuta dago, gailur nagusia Cantabrian eta bigarren gailurra edo Monte Infierno Palencian.



Tontor hauetatik ikusten diren paisaiak zoragarriak dira daukaten posizioarengatik: Alto Carrion-go tontor guztiak Curavacas, Espiguete, Pico Murcia etc, iparraldera Picos de Eurparen hiru mendiguneak. Beste opari bat ikusmenarentzat eta mendizale honen arimarentzat. Aldapak igoz ez naiz nekatzen naturaren ikuskari hauek begiratzeko. Neure buruaK harritzen nau, behin baino gehiagotan gailur hauetara igo naiz eta gutxi gorabehera, paisai berdinak ikusi ditut, baina ume baten bezala hunkitzen naiz Curavacas, odeien artean, aurkitzen dudanean edo urruntasunean Naranjo ezagutzen dudanean.
Bide beretik itzuli ginen.


Deskribapenean erabili dudan toponimia 1:25.000 Cordillera Cantábrica Fuentes Carrionas (Adrados argitalpena) mapatik hartu dut.






No hay comentarios:

Publicar un comentario