lunes, 29 de septiembre de 2014

LLAMBRION TIRO CALLEJOTIK, FUENTE DETIK

 

Fuente De-ko parking-ean (1078 m) autoa utzi genuen eta zuzendu ginen (M) Canal del Embudo-ra Vega de Liordesera igotzeko. Kanalak, 800 metroko desnibela igotzeko, siga-saga itxia marrazten du, eskerretik Peña Remoñaren hormak eta eskuinetik La Geladakoak albo banatan daudelarik. Liordes-ko lepoan amaitzen da antzinako meatzeetatik gertu. Pixka bat aurrerago (M) Vega de Liordesean (1950 m) sartu ginen. Pico de Europako erdialdeko Mendigunaren hegoaldeko hormen artean sartuta dagoen belardi zabala. Iparralderantz La Padiornako hormak altxatzen dira, hegoalderantz Peña Remoñak, La Torre de Alcacerok, Peña Regalizek eta Tiro Pedabejok osatzen duten mendilerroa eta mendebalderantz Torre Salinas-ek eta La Torre del Hoyo de Liordes-ek belardia mugatzen dute.


Jermoso lepoan dagoen Diego Mella aterperako bidea jarraitu genuen. Vega de Liordes iparraldetik zeharkatzen duen Sedo de la Padiorna hartu genuen. Ez dago arazorik, ondo seinaleztatua dagolako(MIM). Berehala La Padiorna atzean utzi genuen eta iparraldetik Madejuno-Llambrion lerroa agertu zen, Tiro Llago eta La Torre de la Minas de Carbon bereiztea lortu genuen. Hegoalderantz Torre Salinas, Torre del Hoyo de Liordes, Torre del Hoyo Chico eta la Torre del Friero ikusi genituen. Iparmendebalderantz, mendebaldeko mendigunean, Peña Santa de Castillaren eta Torre Bermejaren ikuspegi ederra gozatu genuen. Bideak Colladinasetik jarraitzen du (IM), igo eta jaitsi amaituezina, La Torre de las Minas de Carbon eta La Torre de Casiano Prado inguratzen dituena aterperaino ailegatu arte (2060 m).


Jadanik aterpean, La Torre de Peñalbak, La Torre de Diego Ubedak, La Torre de La Palancak, La Torre de Las Llastriasek eta Llambrionek osatzen duten harrizko zirko ikaragarria aurrean geneukan. Hegoalderantz, eta Jermoso lepotik La Riega de Asotinek egiten duen ebaki handiak bereiztuta, La Torre del Friero altxatzen da. 

Llambrionerako igoera hasteko, 500 metro, gutxi gorabehera, itzuli behar izan genuen etorri ginen bidetik, bidegurutzea aurkitu arte. Bidezidorra iparralderantz doa, La Torre de Peñalbaren eta La Torre de Diego Ubedaren oinarrietara. Pixkanaka gora gindoazen harri-piloak eta marra horiak jarraituz. Trepada erreza (Iº) egin genuen llanbria batzuk gainditzeko eta zapalda batera heldu ginen. Orduan harri-piloek eta marra horiek ekialderantz eraman gintuzten. Hoyo de Llambrión-ean eta Torre de la Palanca-k, Torre de las Llastrias-ek eta Llambrion-ek osatzen duten zirkoan sartu ginen. Norabide berarekin (E) jendarmea ikusi genuen, Tiro Callejoren sarrera seinalatzen duena, baina heldu baino lehen harritza gainditu behar izan genuen, ibiltzeko egonezina eta desatsegina. Harri piloek eta harritzan egindako zidorrek biderik erosoena adierazten dute, baina marra horiak albo batean utzi genituen, eskerretara zihoazenak Lambrión igotzeko beste bide bat bilatuz.


Jendarmearen azpian kokatu ginen eta askenean kanal oblikua, Tiro Callejo delakoa, ikusi ahal izan genuen. Soka batez eta parabolt batez hornituta dago. Bi irtengune dauzka, lehenengoa (IIº) zapalda batean amaitzen da eta jarraian bigarrena (IIº+), pixka bat korapilatsuagoa den bloke trabatua. Atera ginen beste oreka batera, harri askez osatuta. Asken trepada igo genuen (IIº-) eta kanala jarraituz eskerrera jo genuen, 35º-ko aldapa batetik, Tiro Callejo mendilepora heldu arte (2560 m).


Hoyo Trasllambrión-en isurialdera pasatu ginen Llambrionen asken zatia igotzeko bere ekialdeko isurialdetik. Mendilepotik gailurraren erpin geodesikoa ikusten genuen eta, altitudea galdu gabe, mendiaren oinarrira (H) zuzendu ginen. Abuztuan, oraindik, elurtegi batek zirauen. Horman tontorrera eraman gintuen tximinia bilatu behar izan genuen. Lehen momentuan ikusten den tximinia, zuzenean tontorrera doana, ez da. Pixka bat lehenago, ezkutatuta dagoen beste tximinia batera (IIº) harri piloek eraman gintuzten. Lehenik aurrera eta gero ezkerrera igo genuen. Asken zatia oso estua da eta 3 metroko horma batean (II+) amaitzen da. Ertzera atera ginen tontorretik oso gertu. Metro batzuk gehiago gailurreratu genuen Llambrión (2642 m). 
 
 
 
Tontorretik paisaia zoragarria!. Picos de Europako erdialdeko mendigune osoa. Peña Vieja, Naranjo, Tesorero, Torre Cerredo, Torre de La Palanca, Torre Blanca etc. Eta mendebaldeko mendigunearen tontorrerik garrantzitsuenak Peña Santa de Castilla eta Torre Bermeja.
Itzuli ginen bide beretik. Lo egin genuen Diego Mella aterpean. Hurrengo egunean itzuli ginen Fuente De-ra Vega de Liordes-tik argazkien bilduman ikuesten den bezala.


 
DATUAK
DISTANTZIA: 14'22KM
DESNIBEL. 1672M
 


No hay comentarios:

Publicar un comentario